Hamaika pertsona bildu ziren atzo arrazakeriari aurre egitea zio duen asanbladak “Arrazakeria borrokatu” lelopean antolatu zituen ekintzetara
Gasteizko Arrazakeriaren Aurkako Asanbladak deituta, arrazakeriaren aurkako aldarriak Gaztetxea hartu zuen atzo arratsaldean eta iluntzean zehar. Asanbladako kideek henna eta te tailerra, hitzaldia, kontzertuak eta “pintxada” antolatu zituzten. Gure gizartean hain presente dagoen gaiaren inguruko hausnarketak partekatu ziren eta gaueko jaiaren bidez bazterketa mota honen aurkako borrokarentzako dirua bildu zen, aparteko giroan.
Arratsaldeko seietan ekin zioten egitaraurari Alde Zaharreko muinoko etxean “Henna & Tea” deitutako tailerrarekin. Te berde artean, gerturatutakoen azalak forma ederrez koloreztatzen eman zuten lehen tartea.
Ondoren, gaur egungo arrazakeria ulertzeko gakoak jorratu zituzten, Adam Laamirni Mugimendu Sozialistako kideak eskaini zuen hitzaldian. Eleketan zehar, arraza zapalketaren dimentsio ezberdinak aipatu zituen hizlariak, batez ere, arraza zapalketa eta zapalketa kapitalistaren arteko loturak azpimarratuz. Gaur egun Europak bizi duen krisi orokorra dela-eta, gure herrira etorritako lagunengandik mozkin handiagoak ateratzeko operazio baten aurrean gaudela azaldu zuen Laamirnik. Hizlariaren esanetan, esaterako, pertsona migratuen lan eskubideak murrizten ari dira, jendeak sustraiak bota eta bizitza duin bat izatea ekidinez.
Halaber, Inperialismoak Afrika eta Asiako hainbat herrialde bizitza duinerako baldintzarik gabe utziak dituelarik Europara jotzen duten lagunen lan-indarraren beharra izan bai, baina behar gorrian dauden pertsona guztiei leku egiteko inongo asmorik gabe, Europar Estatuak muga-politika gogortzen ari direla salatu zuen. Adibide gisa, atzo bertan Europar Batasunak indarrean jarri zuen Migrazio eta Asilo Hitzarmena aipatu zuen Laamirnik.
Pertsona migratuen aurkako neurri guzti hauek justifikatzeko, beren pribilejioak betikotu nahi dituztenak gizartean zabaltzen ari diren diskurtso arrazisten beharra dutela azpimarratu zuen hizlariak, eta faxismoak tesi horiek babestuko dituen gizarte-gorputz bat eraikitzea ekiditera deitu zituen bertaratutakoak.

Bere ustetan, diskurtso arrazistari ideologikoki aurre egin beharraz aparte, maila sozialean eragin beharra dago, gure inguruan ematen diren jarrera eta antolakuntza diskriminatzaileak salatu eta deuseztatzeko. Hitzaldia bukatzean, bertaratutakoek Europar Batasunaren Migrazio Hitzarmenaren aurkako argazkia atera zuten.
Hausnarketak musikari bide eman zion eta arratsaldeko zortzietatik aurrera rap ”showcase”-arekin gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek. Nerepe, Maro, Mateo Zikuta & Caliè, KRD “Krudo” eta Frankie DCL taldeek errimaz bete zuten etxe okupatua.
Raparen beat-en ostean, giroa bero mantendu zuen DJ K ibili zen musika jartzen, eta jendea dantzatzen zein antolatzaileek prestatutako natxoak jaten aritu zen, bart gauerako espreski prestatutako mojitoak eskutan.
Gaubela hainbat orduz luzatu zen, gau-giro apartak lagunduta eta saltsarik ez zen falta izan muinoko etxeko patioan. Jaialdian ateratako dirua, Gasteizko Arrazakeriaren Aurkako Asanbladak egiten duen borrokara bideratuko da.

