Komunitategintzaren bidetik Garapen Jasangarriaren 11. helburuari puzka

/

Goianeko lagunak Korrikan / Goianek utzitakoa

Goianeko lagunak Korrikan / Goian

Gaur egungo gizartean ematen ari diren arrakalen kontrako zentzuan komunitatea eraiki eta auzokideen beharrak asetzeko jardunean dabiltzan auzoko hiru kolektibotara gerturatu gara: Goian, Herri Labanderia eta Herrizoma Elikadura Sarea

Nazio batuetako garapen iraunkorrerako 11. helburua hiriak eta komunitateak inklusiboagoak, seguruagoak, erresilienteagoak eta sostengarriagoak egiteaz mintzo da. Maila herrikoian sortutako makina proiektu dago Gasteizko Alde Zaharrean, auzoetako komunitatea josiz, auzoaren beharrei ertz ezberdinetatik erantzunez eta aniztasuna besarkatuz, helburu horiei erantzuten ari direnak. Horrelako esperientzia komunitate indartzaileak gertutik ezagutzeko lanetan jarri da Zahazberri.eus, eta auzoko hiru kolektibotako lagunekin mintzatu gara: Goian komunitate-proiektuko Aitor Barriocanal, Herri Labanderiako parte-hartzaile bat (okupazio egoeran daudela eta kolektiboak anonimotasuna eskatu digu) eta Jon Hidalgo Herrizoma Elikadura Sareko kidea.

GOIAN, ELKARBIZITZAREN JOSTUN

2005ean jada proiektua ekarriko zuen saltsa borborka zegoen, baina zehazki proiektua zein urtetan sortua izan zen zalantza dute Goianeko kideek. Kontrara, argi dute egindako lan guztia, auzoa auzokideentzako bizi, gozatu eta ikasteko lekua bihurtzeko bidean.

Denbora librerako espazio gisa sortu zen ekimen honek, Alde Zaharra partekatzen duten pertsona, kolektibo eta erakundeen arteko errespetua, komunikazioa eta lankidetza sustatzea helburu duen egitasmo gisa definitzen du bere burua. 5 urte proiektuko koordinatzaile izaten daraman Aitorrek beren jarduerak antolatzean horri erreparatzen diotela azaldu digu: “Goianek egiten dituen ekintza guztietarako irizpide hezitzaile batzuk daude, gida-hezitzaile batean bilduta daudenak. Irizpide horiekin egiten ditugu ekintza guztiak”.

Goianeko kideetako batzuk Eskola kaleko egoitzako atarian / Ekaitz Samaniego
Goianeko kideetako batzuk Eskola kaleko egoitzako atarian / Ekaitz Samaniego

Komunitatearen parte sentitzeari garrantzia handia ematen dio Goianek, bai maila indibidualeko parte hartzearekin, baina baita denon berdintasun eta duintasunerako gizarte eraldaketa sakonen beharra partekatzeari dagokionean. Erronkaren konplexutasuna aintzat hartuta, Goianen alor ezberdinetan banatzen dira lanerako orduan, Barriocanalek kontatu digunez. Erabaki garrantzitsu eta estrategikoak talde-motorean hartzen dira: “Talde-motorea irekia da, auzokide bezala parte har daiteke; udaletxeko Gizarte Zerbitzuak daude, eskolako zuzendaritza, Goianeko begiraleak…”. Taldearen aniztasuna azpimarratu du Aitorrek, eta helburua auzoko ezaugarriak biltzea dela azaldu.

Alde Zarraren ezaugarrien eta errealitatearen inguruko argazkia egitea eskatuta, auzoak duen giza-sarea balorean jarri du Barriocanalek: “Hori dela eta errezagoa da saretzea, eta Goianen lana hori da sare horiek indartzea”.

Alde Zaharreko giza errelaitateari begira, Udalaren datuek urtero Alde Zaharreko biztanleriaren %20 aldatzen dela adierazten dute. Gasteizera kanpotik etorritakoek lehen auzotzat Alde Zaharra aukeratzen dute, eta mugikortasun handi horrek unean uneko auzoaren beharrak aldatzen joatea dakar. Honek, beren lanean esfortzu estra bat eskatzen duela aitortu digu Barriocanalek: “Horregatik garrantzitsua da denok elkartzen garen espazioak egotea, benetan identifikatzeko zeintzuk diren beharrak”.

“Garrantzitsua da denok elkartzen garen espazioak egotea, benetan identifikatzeko zeintzuk diren beharrak”

Aitor Barriocanal

Urtetan zehar batez ere haurrekin egin dute lan eta zenbatezinak dira egindako jarduerak: volleyball-a, futbola, bertsolaritza, inauterietako Zurrunbon pertsonaiaren dinamika, udako Auzo-lekuak… Gainera, umeekin Goiango Langile prozesu partehartzailea burutzen dute, aurrera begirako proposamenak eta hobetzeko ideiak jaso eta kurtsoko programa barne mailako prozesu parte hartzaileez osatzeko.

Goianeko umeak gasteizko Margolariak kanta abesten / Goian

Azken urteetan helduengana gehiago zabaldu dute haien komunitate sarea. Urteetan zehar Tertulia deitutako dinamika garatu dute, pertsona migratuek gaztelera ikasi eta praktikatzeko espazio gisa, eta ekimen horretan emandako elkarrizketetatik proiektu berriak eratorri direla kontatu digu Aitorrek.

Aitor Barricanal Goianeko bulegoan / Ekaitz Samaniego
Aitor Barriocanal Goianeko bulegoan / Ekaitz Samaniego

“Ongi Etorri Alde Zaharrera” proiektua ere aipatu digu, zeinetan +18ko gazteentzako dinamikak bultzatzen dituzten. Areto-futboleko taldea sortu dute aurten, kirol honek gazteei sortzen dien motibaziotik abiatuta sarea egiteko. “Futbolekoak mendira joan izan dira elkarrekin gerora, edo Goianekin elkarlanean jardun”.

Bukatzeko, auzoaren aniztasunari leku egitearen beharraz mintzatu da Barriocanal eta gizartean sortzen ari diren arrakalen aurkako zentzuan doala Goian. Pilatu duten esperientziatik mintzo da: “Jendea etorri izan zaigu esaten ez dakit zeinek ez dakit zer esan diola esanez. Baina bi ikuspuntu partekatu ditugunean, auzoko kontuak partekatzean, elkar bizitzean… Beldurra eta ezjakintasun jausten direnean, diskurtso horiek aldatzen dira. Horretan sinisten dugu”.

HERRI LABANDERIAN KONTUAK GARBI

Urteak dira Alde Zaharreko auzokideek arroparen garbiketarako baliabideak eskaintzen dituen garbitoki herrikoia erabili eta hain egunerokoa den ekintza hau kolektiboki egiteko aukera dutela.

Izan ere, 2024ean orain aurkitzen den lokalean ezarri aurretik, 7 urtez Txikita kaleko 14. zenbakiko bloke okupatuko lokalean kokatuta egon zen. Zehatzago, blokea hustua izateko hurbil egon zen arte, egitasmoa ezagutzen lagundu digun proiektuko kideak dionaren arabera: “Auzoa baliabide hau gabe geratzeko arriskuan zegoela ikusi genuen, eta horrela hasi zen egun Herri Labanderia dena”.

“Labanderia” hau Gasteizko Hedegile kaleko dutxa publikoetako lokal zahar okupatuan aurki daiteke duela ia bi urte, eta elkarrizketatuak labur azaldu digu zertan den: “Edozeinek erabili dezakeen errekurtsoa da, doakoa, espazio okupatu batean dago, eta oraintxe 4 labadora eta lehorgailu bat daude funtzionamenduan”.

Proiektu honi komunitate baten elkarlanaren usaina dario. Izan ere, gaur egungo kokalekua okupatzean auzo eragileei deialdia egin zitzaien hustuketa posiblearen aurrean lokalaren aurrean batzera. Kolektiboaren indarrez, lokal berria ixtea saihestu eta bertan daude ordutik. Garbigailuetako bat auzokideek dohaintzan emandakoa da. ”Auzokideen papera oso garrantzitsua izan da”, diosku garbitokiaren bozeramaileak. Herri Labanderia erabiltzeko modua ere azaldu digu: “Giltza Hala Bedi Tabernan dago eta edozeinek hartu dezake”.

“Garrantzitsua izan da, batez ere, auzoko jendea elkarren artean ezagutzeko, kolektiboen arteko elkarlana egoteko”

Herri Labanderiako kidea

Auzoari zerbitzu ematen dioten proiektu honen modukoen beharra azpimarratu nahi izan du gure solaskideak: ”Zerbitzu publikoek ez dute eskaintzen garbitokirik, denak pribatuak dira. Etxebizitzarekin dagoen arazoa ikusita… Paperik ez daukan jendea, zerbitzu publikoetara sarbide zailagoa daukana… Oso zerbitzu beharrezkoa da”. Horrek erabileran islada handia daukala eta jende pila gerturatzen dela ziurtatu digu, tartean baliabide urriko lagun asko.

Alde Zaharreko Herri Labanderia, Hedegile kalea / Ekaitz Samaniego
Alde Zaharreko Herri Labanderia, Hedegile kalea / Ekaitz Samaniego

Behar bati okupazioaren eta autogestioaren bidez aurre egiten ari den proiektuko lagunak, komunitate zentzu handia ikusten dio Herri Labanderiari: “Garrantzitsua izan da, batez ere, auzoko jendea elkarren artean ezagutzeko, kolektiboen arteko elkarlana egoteko, jende bat ez dituen baliabideetara iristeko bidea eta harremanak sortzeko…”. ”Batzuetan labanderian baino tabernan egiten dira harremanak giltzen bila joatean”. Proiektuak lehenago auzoko ekimenetan parte hartzen ez zuen jendea halakoetan agertzea ekarri duela azpimarratzen bukatu du.

TRIPAK ERE KOLEKTIBOKI BETETZEN

Duela 5 urte martxan da Gasteizen Herrizoma Elikadura Sare komunitarioa, Aiztogile kaleko 72 zenbakian egoitza duena. Herri egitura da, elikadura beharra kolektiboki ase eta merkatuarekiko menpekotasuna gutxitzea bilatzen duena. Halaber, merkatura kolektiboki hurbiltzean indar korrelazio ezberdin bat sortzea bilatzen dute.

Jon Hidalgo elikagai artean Herrizoma Elikadura Sarearen egoitzan / Ekaitz Samaniego
Jon Hidalgo elikagai artean Herrizoma Elikadura Sarearen egoitzan / Ekaitz Samaniego

Herrizoma herri egitura da, elikadura beharra kolektiboki ase eta merkatuarekiko menpekotasuna gutxitzea bilatzen duena.


Proiektua ezagutzen lagundu digun Jon Hidalgo sareko kideak, elikaduraz gain Herrizomak duen irismen komunitarioa azpimarratzen du: ”Bizilagunen artean antolatu eta ezagutzea… Hasieratik garrantzia eman zaio eta jatorri eta kultura ezberdinetako lagunak elkartzea lortu da”.

Jon sarearen sorrera prozesuan egon zen, eta hausnarketa prozesu bat martxan jarri zutela du gogoan. Hasiera bi ertzetatik gerturatu ziren lagunak zeudela azaldu digu: “Batzuek behar komunitarioak zituzten buruan, bestek arrazoi ideologikoagoak”. Asko eragin omen zien Kataluniako auzoetako antolakuntza sindikalen fenomenoak, eta behar material oinarrizkoetara jota, ordura arte borroketan elkartzen ez ziren pertsonentzako elkargunea sor zitekeen ideiak ere. ”Gurean auzoko aniztasunaren isla ikus daiteke, eta bestalde, auzoko gainontzeko egitura herrikoiekin harremana izan dugu: Goian, Ramon Bajo eskolako komunitatea, Auzoan Bizi etxebizitzaren aldeko kolektiboa…”.

Herrizomaren egoitzako kartela Aiztogile kalean / Ekaitz Samaniego
Herrizomaren egoitzako kartela Aiztogile kalean / Ekaitz Samaniego

Hasieratik ekoizpenaren eta erosketen arloak landu dituzte. Lehengoari dagokionean, ekoizpen komunalak bultzatu izan dituzte jabetza komunalaren ideiaren bidetik: Errekaleorreko baratza, garagardoa, kontserbak… Erosketei dagokienez, kontsumo-talde baten moduan jokatu izan dute, erosketak taldean egitean prezioak jaisteko asmoz. Produktu agroekologikoak eta gertukoak izatea, eta egunerokorako produktuak prezio onean izatearen arteko oreka mantentzen saiatzen dira.

Iaz, hanka bat gehiago gehitu zioten proiektuari: Elkartasun Biltegia. Txandak eginez janaria eskatzen dute supermerkatuetako atarietan hilean behin, eta gero beharra duen jendearen artean saskiak banatzen dituzte. “Alde batetik, ekoizpen komunitarioaren bidez ez dugu nahi beste bildu izan, eta jende batzuentzat prezioak garestiak izaten dira, sareko kideen artean beharraren arabera kostuaren zati bat besterik ez ordaintzeko aukera egon arren, eta honekin behar handia dutenei erantzun ahal diegu”. Sareko kideak penaz azaldu digu, pertsona txuriak egotean janari biltzaileen artean gehiago biltzen dela: “Xenofobia nabaritzen da halakoetan”.

Eremukako lan-taldeetan eta sarriago biltzen den koordinazio taldean antolatzen dira Herrizoman eta erabakiak asanblada bidez hartzen dituzte. Parte hartu nahi duenak herrizomagasteiz@gmail.com helbidera idatzi dezake.

DENON ARTEAN

Elikadura, aisialdia, garbiketa… Gure bizitzetan oinarrizkoak diren gaiak dira, tamalez, pertsona guztiek duintasunez eta berdintasunez bizitzeko aukerarik ez dutena. Baina erreportai honetako ereduak ezagututa, sinesgarria bihurtzen da herria antolatu eta lanean jarduten denean eraldaketa positiboak sor daitezkeela gure ingurunean.

Pobreziak, xenofobiak eta bakartzeak gizarteari zauri sakonak eragiten ari zaizkion bitartean; maitasuna, elkarbizitza eta beharren kolektibizazioa oinarri harturik eta urtetako lanarekin, logika samurragoetan mugitzea lor dezakegu gure auzoetan.

Esperantza galdu beharrean, auzora atera eta auzokideekin eskuz-esku jarduteak, garaiotan iragartzen diren laino beltzen artean eguzki izpiari bide emateko aukera eman diezaguke?

Alde Zaharreko proiektu herrikoi-komunitarioen bilakaera historikoa / Adimen Artifizialarekin egina.