Ane Apaolaza (Gasteiz, 1998) / Raúl Urkiza (Gasteiz, 1979) / Ekaitz Samaniego
Raúl Urkiza ( Gasteiz, 1979 ) eta Ane Apaolaza (Gasteiz, 1998 ) IAK-ko kideekin elkarrizketatu da Zaharrazberri.eus, kulturgunea ireki zutenetik bi urte betetzeko zorian daudela.
Gasteizko Kafe Antzokiaren Aldeko Plataforma sortu eta 12 urtera, 2024ko uztailean zabaldu zituen bere ateak Izaskun Arrue Kulturguneak Gasteizko Alde Zaharreko Ruiz de Bergara jauregi berritua, euskara hauspotu asmoz. Lazarraga Elkarteak kudeatzen duen espazioko Komunikazio arduradun Ane Apaolaza eta Kultur-programazio arduradun Raúl Urkiza egitasmoaren nondik-norakoez eta orain artekoak emandakoaz mintzatu dira.
Jadanik bi urte…
A.A. – Bai, IAK, nahiz eta urte bete lehenago irekitzea aurreikusita egon, 2024ko uztailean ireki genuen.
Espazioa kudeatzen duen Lazarraga Elkarteko kideak zarete. Orain IAK-n, baina 2014tik Montehermoso jauregiko Oihaneder Euskararen Etxean jadanik lanean zebilen elkartea.
A.A.- Bai, azken finean, IAK Oihaneder Euskararen Etxearen proiektuaren lekuko izateko jaio zen, proiektu osatuago bat sortzeko.
Zeintzuk dira Lazarraga Elkartearen helburuak?
A.A.- IAK-ren berdinak direla esango nuke. Helburu nagusia da kulturaren bitartez euskararen normalizazioan eragitea. Zehatzago, euskal kultura eta hizkuntza bera sustatzea, eta baita euskal kultur sorkuntza bultzatzea ere.
“Helburu nagusia da kulturaren bitartez euskararen normalizazioan eragitea”
Ane Apaloaza
IAK Gasteizko Udalarekin egindako hitzarmen baten bidez kudeatzen duzue. Izan ere, Gasteizen halako espazio bat izatea urtetako eskaera izan zen…
A.A.- Bai, Gasteizen hutsune bat zegoela ikusten zen euskal kultura kontsumitzeko interesaren ikuspuntutik, eta horri forma emateko sortu zen Lazarraga Elkartea. Oihanederren zortzi urtez aritu ostean, hiriak proiektu osatuago bat behar zuela ikusi zen, eta horretarako, Udalak elkartearekin hitzarmena sinatu zuen proiektua burutzeko, publikoak edo komunitateak euskal kultura kontsumitzeko.
Zergatik uste duzue Gasteizek eta Gasteizko euskararen komunitateak halako espazioak behar dituela?
A.A.- Euskararen biziberritzeak erabilerarako espazioak behar ditu. Azken finean, kultura horren arlo estrategiko bezala definitu daiteke.
Uste duzue IAKren moduko espazio bat izateak nahikoa baliabide suposatzen duela euskararentzat Gasteizen kultur eskaintza mailan edo betetzeko hutsuneak ikusten dituzue oraindik ere?
R.U. – Nire ustez, IAK hutsune bat betetzera etorri da, baina hau ez da euskaraz programatzeko edo euskaltzaleak topatzeko leku bakarra. Hori jada bazegoen aurretik, jarduerak han eta hemen antolatzen dira maila pribatuan… Baina, hau ezin da bilakatu batez ere eragile publikoen eskutik, euskarazko programazioa hartzen duen toki bakarra.

IAK-ren eskaintzara etorrita. Ze jarduera jarri dituzue martxan azken bi urteetan euskarazko eskaintza osatzeko bidean?
R.U.- Batetik oholtza gainean ematen direnak. Antzerki, musika proiektu edo euskal zinemagileen lanen leihoa da oholtza.
Oholtzan ematen ez diren hainbat jarduera ere badaude, sormena sustatzeko. Sortzaileentzako sormen-deialdiak ditugu eta ikastaro edo tailerren bidez herritarron sormena bultzatzen saiatzen gara, azkenean sortzaile edozein izan gaitezkeelako. Besteren artean, argazkilaritza edo idazketa tailerrak egin ditugu.
Gogoeta-guneak ere bultzatzen ditugu eta garrantzia handia emango nioke Euskaldunentzako Jabetze Eskolari. Hainbat eragilerekin dinamika batean gabiltza. UEU dago, Manex Agirre Gorbeiako kuadrillako euskara teknikariaren aholkularitza dugu… Ondorioak atera nahi ditugu, etorkizunean eragina izango dutenak euskararen sustapenaren eraginkortasunean.
“Gogoeta-guneak ere bultzatzen ditugu eta garrantzia handia emango nioke Euskaldunentzako Jabetze Eskolari”
Raúl Urkiza
Elkarlanarengatiko apustu irmoa egiten duzue?
R.U.- Oihanederren garaitik elkarlana gure proiektuaren muinean dago. Euskararen sustapenean lan egiteko ezinbestekoak dira aliantzak, eta arlo gehienetan bidelagunekin kontatzen dugu. Adibidez, Antzina Folk jaialdiarekin dugun elkarlana, Poetak Maiatzean-eko dinamika, Eusko Ikaskuntzaren jarduerak… Sarea handitzen goaz, eta bestela helduko ez ginatekeen publikoarengana iristeko gaitasuna ematen digu elkarlanak.
Euskalgintzaren komunitate zein sektore profesionalaren erreferente izateko bidean, alor horretako eragileek badakite zer edo zer antolatu nahi izatera hemen dutela haien etxea. Auzoko eragileekin ere kontuak antolatzen ditugu, adibidez, Goian proiektu politarekin.
Bi urte hauetan zuen helburuak praktikan beteak ikusi dituzue?
R.U. – Hazkunde batean gaudela ikusten dugu. Gure “publiko egonkorra” dei dezakegun komunitate bat sortu da batetik, eta bestetik, jarduera zehatzetara faltarik gabe etortzen den publiko fidela ere finkatzen ari da. Feedback onak jasotzen gabiltza guretzat erreferentzia diren lagunen aldetik eta horrekin ere geratzen naiz, nahiz eta ez den datu objektibo bat.
Taberna ere baduzue, eragina dauka jendea proiektura erakartzeko?
R.U. – Bai, proiektuari aisialdiaren aldetik osotasuna ematen dion espazioa da.
Timeline
2012
Gasteizko Kafe Antzokiaren Aldeko Plataformaren sorrera
2013
Lazarraga Kultur Elkartearen eraketa
2014
Oihaneder Euskararen Etxeko Kultur programazioaren kudeaketa Lazarraga Kultur Elkartearen esku. Gasteizko Kafe Antzokiaren proiektuaren lanketa. Oihaneder Euskararen Etxearen programazioa martxan jarri.
2015
Lazarraga Kultur Elkartearen aurkezpen publikoa
2018
Proiektuaren behin betiko kokapena erabaki zen. Ruiz de Bergara jauregia kulturgune bihurtuko da.
2022
Elkartea 89 bazkide izatera heldu da. Oihaneder Euskararen Etxearen jarduna eten egin da, Gasteizko Udalarekin adostuta.
2024
Uztailean IAK ireki zen.

